XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Frantzisko Iturrino. Lorategian besta.

Nola Regoyosen kromatismoari hala Zuloagaren eraginari lehenik ihes egin ziona bilbotar Adolfo Guiard eta Larrauri (Bilbo, 1860-1916) izan zen.

Lehen-impresionisten arte-oinarriak ziren zatikeria eta puntukeria alde batera lagaz, nahiago izan zituen, kolore launa arbuiatzeke, Degas-ek eta Toulouse-Lautrec-ek proposaturiko silueta eta inguramen soila.

Beroren maila kromatikoa, halere, erabat autoktonoa zen: Bilboko ortze-giroa eta eguratsa.

Ezinezkoa zaigu, saio labur honetan lehen belaunaldi honetako izen guztien aipamen hutsa ere egitea.

Haatik, euskal eta espainiar pinturaren garapen honetan beste bi pintore fauvista guztiz interesgarri dauzkagu: Frantzisko Iturrino (Santander, 1864-1924), Joan Etxabarria (Bilbo, 1875-1931).

Lehen eta bigarren belaunaldietako artisten arteko amaiera eta ataria bezala dira.

Lehena, Parisen Picasso-rekin batera erakusketa egitera iritsi zen; Matisse-rekin batera, berriz, argiz eta sentsualitatez jotako paisaiak eta pertsonaiak pintatu zituen Tanger-ren.

Bere bizimodu buhame zoritxarrekoa eta guzti oso gazterik hil bait zen, kalitate haundiko eta edertasun plastikoko artelanak utzi dizkigu.

Bigarrena, 98ko belaunaldiaren argazkilari ofiziala da, eta euskal paisaiaren Cezannea.

b) Kontzientzi hartzea eta bigarren belaunaldia
Belaunaldi hau osatzen duten pintoreen jaiotzea 1879-80 inguruan jarri ohi da: bere garaiko plastika-arazoa polarizatzen duen Aurelio Arteta eta Errastiren jaiotze-data.

Joan Etxebarria, Gustabo Maeztu, Balentin eta Erramun Zubiaurre anaiak, Arrue anaiak, eta guztien buru den Frantzisko Iturrino dira bigarren belaunaldi honetako pintorerik errepresentagarrienak.

Bere berezitasun etnikoaz jabeturik Parisa joandako pintore eta eskulturgileek, beren itzulian, Sabino Aranak zabaldutako giro errenazentistarekin topo egin zuten.

Bilbok, lantegiaren eta laborantzaren artean, Toma Meaberen sozialismo poetikoaren lehen astinaldiak jasan zituen.

Hain konplexua zen gizarteak, nahitaez bizikera eta kultura arras desberdinduak sor erazi behar zituen.

Lehen belaunaldiko pintore askok herriari arnasa hartu zioten, beren garaiaz ohartu izan ziren eta europar abangoardian berrikuntza-forma egokiak bilatu zituzten.

Bigarren belaunaldikoek kontzientzia oraino haundiagoa eta etsiagoa izan zuten.

Agian horregatixe da Aurelio Arteta (Bilbo 1879-1940) pertsonaia errepresentagarriena, hau da, expresio plastikoaz gerraurrekoen artean kontzientzia publiko haundiena daukana.

Dibujo ona du Artetak, Masaccio italiarraren eta Puvis de Chavannes frantsesaren azterketan oinarritua; koloretasuna ere eder-ederra.

Gizon arras zorrotza eta kritikoa zen, eta bere artelan laburrean, bere garairako eta ondorengorako baliagarri izan zedin sintesia egiten ahalegindu zen.

Halaz ere, maisu-lan horretan esanahitsuena, zera da: (...).